2017(e)ko abuztua 6, igandea

Argitaratzear: "POSIBLE DENAREN SEGURTASUNETIK EZINEZKOAREN ITXAROPENERA"

Amaitzear dugu argitaratuko dugun gure hurrengo liburua, oraingoan euskaraz:

POSIBLE DENAREN SEGURTASUNETIK EZINEZKOAREN ITXAROPENERA
Jakintzak, trebetasunak eta sentipenak kolektiboki eraikitzen

Ainhoa Ezeiza eta Javier Encina izan gara koordinatzaileak, eta Ilusionista Sozialen Mintegia (UPV/EHU), UNILCO-espacio nómada eta Ilusionista Sozialen Kolektiboa dira argitaratzaileak.

Liburuaren azalaren egilea: J. Corrales [kreiva.es]

Liburua 2017ko irailaren 6tik aurrera egongo da salgai Euskal Herriko hainbat liburu-dendatan. Banaketaz VOLAPÜK EDICIONES arduratuko da edo zuzenean geurekin jarri harremanetan: ilusionistasozialak@gmail.com

Salneurria: 15 euro

Bertan jaso ditugu 22 urtetan zehar Andaluzian, Euskal Herrian, Mexikon... izan ditugun eztabaidak eta esperientziak. Uste dugu interesgarria eta berria dela eduki hau euskaraz izatea, kolektiboki eraikitzeko modu bat erakusteaz gain, gauza berriak elkarrekin egiteko aukerak zabaltzen dituelako. Liburua, halaber, gure pentsatzeak/sentitzeak/egiteak euskaraz esaten trebatzeko tresna bat izan da, mingaina askatzeko.

Hementxe duzue aurkibidea, baita ataria ere, liburua irekitzen hasteko:
https://drive.google.com/drive/folders/0B3tWRBcPCuVhaG40dU05S2t1SHM?usp=sharing

2017(e)ko uztaila 11, asteartea

Ilusionista Sozialen Mintegiko III Nazioarteko Jardunaldiak 2017ko urrian

Ohartzerako... urtebete pasa da azken jardunaldietatik! Poliki-poliki, aurrera goaz irakaskuntza-ikerketa taldea mamitzen, ezagutza zientifikoa eta jakintza herrikoiak uztartzen, elkarlotzen, jabe-gabetzea eta ilusionismo soziala landuz...

Iaz jardunaldiak hainbat egoitzatan sakabanatu ziren: Ferrol (Galiza), Sevilla (Andaluzia), Donostia (Gipuzkoa), Xalapa (Veracruz, Mexiko) eta Mexiko Hiria. Aurten ekitaldi guztiak Donostian bilduko ditugu, aukera izan dugulako beste lurralde batzuetako lagunak geuregana ekartzeko.

2017ko urriaren 23tik 25era izango dira Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko II Eraikinean (lehengo magisteritzan), arratsaldez (17:00-20:30), eta izena ematean argitu daiteke zein saiotan hartu nahi den parte, bakar batean, bitan ala hiruretan.

Programa gure webgunean dago ikusgai: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/ism17
Eta izena emateko orria hemen (doakoa da): http://www.ehu.eus/eu/web/ism/izenematea

Ekitaldi osagarri gisa, jardunaldiak hasi aurretik, urriaren 10ean, gure liburu berria aurkeztuko dugu lehenengoz: "Autogestión, autonomía e interdependencia", Javier Encina, Ainhoa Ezeiza eta Sandra Viviana Sánchezek koordinatua eta Volapük argitaletxeak argitaratua. Aurkezpen hau Mitxelena Kulturgunean izango da eta Fundación Anselmo Lorenzo eta CNT Gipuzkoa dira antolatzaileak: http://kmk.gipuzkoakultura.eus/eu/hasiera/kmk-agenda/icalrepeat.detail/2017/10/10/2182/-/-

Hementxe kartela:

ISM17 Jardunaldiak / Jornadas ISM17
Kartela hemen klikatuz deskarga daiteke

Jardunaldiak Ilusionista Sozialen Mintegiak Ilusionista Sozialen Nazioarteko Kolektiboarekin batera antolatu ditu, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusaren eta Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailaren dirulaguntzari esker eta UNILCO-espacio nómadak eskainitako baliabideekin batera.

Aurten, Cátedra Interinstitucional Cornelius Castoriadis-en lankidetzaz egingo dugu, "Castoriadis Político. Academia y Autonomía" Nazioarteko Jardunaldiekin konektatuz.

Animatu eta eman izena! Beti bezala, saioak irekiak izango dira eta partaidetzarako prest!


2017(e)ko apirila 3, astelehena

SIN PODER liburuaren argitalpena eta lehen aurkezpenak!

BADATOR, BADATOR!!!

Hilabete hauetan lanean gabiltza argitalpen berrietan, bai idazten, bai koordinatzen eta bai editatzen... Izan ere, Ilusionista Sozialen Mintegiaren lan garrantzitsuetako bat da egiten ditugun teorizazioen, bizi ditugun esperientzien eta gure bizipenen hedapena egitea, eta pentsatu dugu liburuak tresna eta aitzakia ona direla jendearekin topatzeko, eztabaidatzen segitzeko, pentsatzeak/sentitzeak/egiteak konpartitzeko eta trukatzeko...

Volapük Argitaletxearekin batera egindako akordioaren lehen fruitua da SIN PODER. Construyendo colectivamente la autogestión de la vida cotidiana. Javier Encina eta Ainhoa Ezeiza dira liburuko koordinatzaileak. Volapük Argitaletxearekin batera, UPV/EHUko Ilusionista Sozialen Mintegiak, UNILCO-espacio nómadak eta Ilusionista Sozialen Kolektiboak hartu dute parte edizioan.

SIN PODER liburuaren azala

Liburu honetan, jabe-gabetzearekin lotuta ikusi ditugun hainbat artikulu bildu ditugu, eta liburuaren hiru atalak Erika Garridoren irudiek eta Isabel Escudero zendu berri den poemek aurkezten dituzte.

Isabel, udaberritiar beti,
Loreek euren gozoan har zaitzatela

Oso pozgarria izan da hainbeste jenderekin topatzea liburuaren bidean, eta gustura jarraituko dugu jendea topatzen liburuaren aitzakiaz... Halako aurkezpen-tailer-debateren bat antolatu nahiko bazenu, edo liburua eskuratu nahiko bazenu, idatziguzu ilusionistasozialak@gmail.com helbidera.

Liburuaren salneurria: 16 euro.

Emango dugu aurkezpen, debate eta tailerren berri gure sare sozialen bidez:

Twitterren: @ilusozialak eta @ilusocial kontuen bidez
Facebook-en: DESEMPODERÁNDONOS eta Ilusionista Sozialen Mintegia taldeetan
HEMEN irakur dezakezu liburuaren aurkibidea eta hainbat erreferentzia
HEMEN fitxa teknikoa eta banaketa

Lehen aurkezpenak

Aste honetan bertan egingo ditugu lehen aurkezpenak, Madril eta Guadalajaran. Liburua aurkeztearekin batera, saiatuko gara tailer-debate bat zabaltzen, azken batean liburua aitzakia bat baino ez da jendearekin topatzeko!
Aurkezpena LaMalatesta liburu-dendan apirilaren 7an 19:00etan
Liburuaren aurkezpena Guadalajarako El Rincon Lento-n, apirilak 8 12:00etan

2016(e)ko azaroa 16, asteazkena

Irakurketa-idazketa prozesuen hastapen mintegia

Ilusionista Sozialen Mintegian asko interesatzen zaizkigu hizkuntzari lotutako gaiak. Oraingoan, Haur Hezkuntzaren amaieran eta Lehen Hezkuntzaren hasieran gertatu ohi diren prozesu garrantzitsu batzuen inguruko mintegia proposatu dugu, hain zuzen ere nola hasten diren haurrak irakurtzen eta idazten.

Prozesu horien inguruan askotariko ikerketak egin dira: bilakaeraren psikologiaren aldetik, grafologia eta psikomotrizitateari lotuta, ergonomia, garapen kognitiboa, garapen intelektuala...  Gehien ikertutako prozesu horietan, hutsuneak nabari ditugu askatasunaren eta ikuspegi sozialaren aldetik, ikuspegi hori planteatzen dute, esaterako, Meridako Paideia eskolan:



Gai hauek interesatzen bazaizkizu, zatoz gure mintegira:

Lekua: Donostiako Irakasletza Eraikineko 2.5 mintegia (Hizkuntzaren didaktikako irakasleen despatxuen pasiloan dagoena)
Eguna: 2016ko azaroak 23, asteazkena
Ordua: 12:30-13:30


Animatu eta hurbildu, interesgarria izango da!

2016(e)ko urria 17, astelehena

TAILERRA: Kultura herrikoiak eta sortze poetikoa #ISM16

Euskal Herriko Unibertsitateko Ilusionista Sozialen Mintegiko II Jardunaldien baitan, datorren asteazkenean, 2016ko urriaren 19an, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako Irakasletza Eraikinean (Oñati plaza 3, Donostia), Kultura Herrikoiak eta Sortze Poetikoa izeneko tailerra egingo dugu, 16:30etatik 20:30etara.


Tailerra Julen IRAZUSTA kantautore eta hezitzaileak eta Rafael AMOR trobadore eta kantoreak dinamizatuko dute. Biek dute musika industriaren ikuspegi kritikoa, baita sentsibilitate handia ere sortzearen inguruan eta jendearekin EGOTEAk duen garrantziaz, jendearekin sortu, bizitza jendearekin partekatu, musika aitzakiatzat hartuta, espazioak dinamizatzeko eta bitartekaritza desiratuak sustatzeko.

Tailer honetan, hasieran banakako lana, taldekakoa eta kolektiboa egingo dugu, kultura herrikoietan eguneroko bizitzan sortzeko erabiltzen diren moduak izango ditugu hizpide, oraindik izendatzen asmatu ez dugun zerbait... baina jakin badakigu asko dutela troba, hitz-jolasak, alaitasuna eta gozamena, eta baita erresistentzia ere, historia jendearen bizipenetatik abiatuta kontatu nahia, pentsatu/sentitu/egin elkarlotu nahia...

Ideia da saioak hiru zati izatea:

  • Jendea etorri ahala jarriko gara lanean, kultura herrikoiak eta sorkuntza hizpide duen testu labur baten laguntzaz. Horrela, lehenik banakako lana egingo dugu eta gero talde txikitan.
  • 17:15etatik aurrera gutxi gorabehera, taldeetan hitz egindakoa kolektiboki zabalduko dugu. Hor hasiko da solasaldi irekia, sorkuntzari buruz eztabaidatzen jarriko gara, tentsio hori banakakoaren (talentuaren...) eta sozialaren (kolektiboaren, partekatuaren...) artean. Ideia da atal honetan eztabaidan hitzak eta musikak tarteratzea eta elkarlotzea.
  • 18:30etan atsedena egingo dugu kafea hartzeko, eta giroaren arabera orduan hasiko da errezitala edo azken prestakuntzak egingo ditugu errezitalerako. Kafea gelan bertan hartuko dugu. Errezitala Julen eta Rafaelen artean korapilatuko da, euskara eta gaztelania elkarrekin josiz... Beranduenik, 20:30etan amaituko dugu, ordu horretan itxiko baitute Eskola.

Gauzak ez daude itxita saioa jendearekin egingo dugun eraikitze kolektiboa izan dadin.

Hortik aurrera, ez dakigu zehazki zer gertatuko den baina bai musika, eraikitze kolektiboa eta debatea egongo dela.

SARRERA LIBREA ETA DOAKOA da, nahi duena etor daiteke nahi duenarekin (eskertuko dugu lagunduta etortzea!)



2016(e)ko iraila 30, ostirala

Hizkuntzaren normalizazioa eta Eskola mahai-ingurua, urriaren 5ean arratsaldez #ISM16

Azken bi urte hauetan, hausnarketa sakona egiten ari gara hizkuntzaren -eta bereziki euskararen- irakaskuntza moduen inguruan. Hizkuntzaren didaktikan egindako paradigma aldaketek estrukturalismotik ikuspegi komunikatibora eraman gaituzte, baina berdin egiten dugu talka muga handi batekin: irakasten den hizkuntza ez da “benetakoa”, egiantzekoa da, bai, testuinguratze komunikatiboari esker, baina simulazioan mugitzen denez, ez ditu elkartzen pentsatzeak, egiteak eta sentitzeak. Ondorioz, irakasten dugun hizkuntza kultura instituzionalean oinarritzen da (erabilera arauak, alderdi formalak, testuen gramatikak... hizkuntzalaritzatik hartutakoak gehienbat) edo agian, berrikuntza prozesuen ondorioz, masa-kulturan (youtubegintza, sare sozialetako hizkuntzen errepikapena...), baina alde batera utzi ditugu kultura herrikoiak.

Gure ustez, hizkuntzen irakaskuntza ahozkotasunetik abiatu behar da. Ahozkotasuna ez da ‘ahoz esatearen’ baliokidea, ahozkotasunak konplexutasunean du bizitza, hau da, osagabetasunean, inperfekzioan eta ziurgabetasunean; ez ditu bereizten pentsatu/sentitu/egin eta mugimenduan gauzatzen da, elementu paralinguistiko eta estralinguistikoetatik haratago, jendearekin gorputz osoz, ingurune natural eta sozialean dauden bitartekoak erabiliz (adierazpen plastikoa, fisikoa, natura eta gizarteari lotutakoa).

Hori da hizkuntzaren eta hezkuntzaren jabe-gabetzearen formulazioaren oinarria eta horretan ari gara lanean Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, Ilusionista Sozialen Mintegia deitu dugun UPV/EHUko ikerketa-formakzio taldean. Eta eztabaida irekitzeko, zabaltzeko eta partekatzeko, Ilusionista Sozialen Mintegiaren II. Jardunaldietan gai horri bete-betean heldu nahi izan diogu, hortik jardunaldien izenburua: NORENA DA HIZKUNTZA? KULTURA HERRIKOIAK ETA JABE-GABETZEA.



Agustín GARCÍA CALVOren pentsamenduak izan dira, besteak beste, jardunaldi hauen inspiragai, eta horregatik bere “Norena da hizkuntza?” artikuluaren izenburua hautatu dugu lelo gisa. Funtsean, hizkuntza kultura herrikoien bihotzean kokatu nahi genuke eta horrek zer esan nahi duen landu. Jardunaldien asmoa da hizkuntzen trataeraren inguruko hausnarketan sakontzea, Agustín GARCÍA CALVOk planteatu zuen ideia honen inguruan:

'Jaun-andreok: hizkuntza ez da inorena; konplexutasun zoragarriko makina hori, zuek zeuek darabilzuena, "herriyak bizilagunakin hitzeiteko dabilen hoixe", ez da inorena'.

Horregatik, ezinbestekoa iruditu zaigun euskararen normalizazioan izan diren lege eta esperientziei atzerako begirada bat ematea, ondo egindakoak jaso eta aurrera begirako proiekzioa egiteko. Eta horrekin batera, uste dugu ezin dela bereiztuta planteatu Eskolaren lekua, Euskara eta Eskola, euskararen irakaskuntza-ereduak, motibazioan eragiteko esperientziak... ere aztertzea.

Asmoa ez da, inolaz ere, kritika hutsean edo iraganaren birpasa hutsean geratzea; horregatik deitzen diegu jardunaldiei 'formaKzio'; eztabaida zabaldu nahi dugu etorkizuna kolektiboki eraikitzeko gogoz.

SAIOA

Hizkuntzaren normalizazioa eta Eskola

NON
Donostia (Gipuzkoa), Magisteritza Ikastegia (Oñati plaza 3, z/g), Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea (Euskal Herriko Unibertsitatea). 1.1 gela.

NOIZ
Urriaren 5ean, 16:30etatik 20:30etara

SOLASKIDEAK
  • Iñaki Biain, hizkuntz normalkuntzako koordinatzailea Oarsoaldea eta Bidasoaldeako Berritzegunean
  • Zigor Etxeburua, Helduen euskalduntzean irakasle eta didaktikari, Kontseiluan teknikari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari
  • Ainhoa Ezeiza, ISM taldeko ikertzaile nagusia
  • Moderatzailea: Nahia Delgado, hezitzailea eta Lehen Hezkuntza Graduko Atzerriko Hizkuntzan espezialdua
IZENEMATEA
Ez da beharrezkoa.
Jardunaldietako beste saio batzuetan parte hartu nahi bada eta egiaztagiria eskatu nahi bada, orduan hemen eman behar da izena: http://www.ehu.eus/eu/web/ism/izenematea

JARDUNALDIEN INGURUKO INFORMAZIO GEHIAGO
http://www.ehu.eus/eu/web/ism/donostia-2016-10


PONENTEEI BURUZ
Iñaki Biain hizkuntz normalkuntzako koordinatzailea da Oarsoaldea eta Bidasoaldeako Berritzegunean. Aspaldi dabil lanean euskalgintza eta eskola erakundea elkarlotzen eta bere esperientziak eta kezkak oso praktikan oinarrituak dira. Interesgarria da, besteak beste, Argia Aldizkarian argitaratutako artikulu hauxe.

Zigor Etxeburua Helduen euskalduntzean irakasle eta didaktikari aritu da lanean urte luzez, eta aurreko legegintzaldian Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari izan da. Kontseiluan teknikari da eta hainbat proiektutan hartu du parte hizkuntz normalizazioari lotuta. Uneotan arreta berezia jartzen ari da hizkuntz normalizazioan abiatu beharreko neurri berrien inguruan.

Ainhoa Ezeiza, ikastaroaren koordinatzaile nagusia, UPV/EHUko irakasle-ikertzailea da Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean eta ISM ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia. Psikodidaktikan doktore, Komunikazio Gaitasunaren Ebaluazioari lotutako tesia defendatuta.

Nahia Delgado Lehen Hezkuntzan graduatua da, Atzerriko Hizkuntzan espezialdua eta hezitzailea esparru informaletan. Gaitasun plastikoak eta ikus-entzunezkoak lantzen ditu hizkuntzaren irakaskuntza prozesuak aberasteko. Hizkuntzaren jabe-gabetzea: Sarrera bat artikuluko egilekidea.

2016(e)ko iraila 27, asteartea

#ISM16 Jardunaldiak Xalapan! Espazio komunetan berriz elkartzen

Azken hilabetean lanean aritu gara Xalapan (Veracruz, Mexiko) ere Ilusionista Sozialen Mintegiko 2016ko Jardunaldiak egin zitezen. Urte hasieran izan ginen bertan eta oso sentipen biziak partekatu genituen, oso jende ederra ezagutu genuen eta sentitu genuen elkartrukean jarraitu nahi genuela.

Bertako hainbat kolektibo elkartu dira jardunaldi hauek prestatu eta ondoren "Kaos Sortzailea eta Konplexutasuna" gure nazioarteko online ikastaroan topatuko gara, elkarrekin eraikitzen segitzeko.

Hona Xalapan egingo diren saioak, oso-oso itxura ona dute!!!
  • Irailak 29 eta urriak 6 eta 13, 17:00-20:00 Garapen Komunitariorako Komunikazio Tailerra. Koordinazioa: Vladimir Castro Alonso. R Positivo Kolektiboa.
  • Urriak 1, 12:00-16:00 Nondik dator janaria? Tailerra: Leku publikoak geureganatzea. Koordinazioa: Nadia Jocelyn Valdivia Romero. Huerto Biología Kolektiboa.
  • Urriak 8, 10:00-14:00 Autogestioa eta artea gizarte-eraldaketarako Tailerra: Viaje de la Serpiente Kolektiboaren esperientzia. Koordinazioa: Braulio Soto Cáceres. Ecodiálogo (Universidad Veracruzana).
  • Urriak 15, 10:00-14:00 Auzo barruko partaidetza komunitarioko prozesuen Tailerra. Koordinazioa: Javier Iván Rodríguez eta Julio Castillo. Xiadani Etxe Komunitarioa.
  • Azaroak 5, 10:00-14:00 Gratiferia: Komunitatearen eta komunitatea egiteko hazia. Koordinazioa: Nayeli Moreno G. Tiempo de Plantas Kolektiboa. Xallitic Auzoko esplanadan.
Informazio gehiago pdf dokumentu honetan (gaztelaniaz)

Jardunaldi hauek Tiempo de Plantas Kolektiboak koordinatzen ditu, RPositivo Kolektiboarekin batera. Biak atxiki dira Ilusionista Sozialen Mintegiaren egiaztatze sozialari!



Aurrez aurreko jardunaldi hauek honela lotzen dira online ikastaroarekin:

9. BLOKEA: Espazio komunetan berriz elkartuz
1. astea: Botere moduen inguruko sarrera
2. astea: Jabe-gabetzea
3. astea: Jendearekin eta jendearengandik egindako partehartze esperientziak
4. astea: Bitartekaritza sozialak
5. astea: Ilusionismo Soziala
6. astea: Jabe-gabetze komunitarioa
7. astea: Ilusionismo Sozialaren zentzumenak, teknikak eta tresnak